Carlos Idun-Tawiah
Hero, Father, Friend

Hero, Father, Friend (Heroia, aita, laguna) izeneko lan honetan, Carlos Idun-Tawiah-k aitaren irudimenezko biopic bat egiten du harekin bizitzea gustatuko litzaiokeen egoeretan oinarrituta, horrela aitaren oroitzapena gorde ahal izateko, argazkiek norbaiten gabeziaren ordezko gisa jarduteko duten gaitasun hori gogora ekarriz. Oroitu nahi ditugun uneak gorde eta behin eta berriro haiengana itzultzeko aukera ematen diguten talismanak.

Getxophotoko azken Open Call irabazleen artean dagoen Idun-Tawiah-rentzat, gogoratzen duguna eta hurrengo belaunaldira ondare gisa iristen dena memoria berreraikia da beti. Fikzioa eta errealitatea, iragana eta oraina, benetako oroitzapenak eta familia-albumetan, zinemaren kulturan edo Afrikako herri-artxiboetan inspiratutako irudien errekreazioak nahastuz, Idun-Tawiah bere eszenen egilea eta irudimenezko subjektua da aldi berean. Horiekin guztiekin bere historia pertsonala berridazten du, eta, aldi berean, kultura beltzeko aitatasunari buruzko memoria kolektibo bat ere bai, bere ustez behar bezala dokumentatu ez den memoria baita. “Istorio bat kontatzeko kamera bat hartzen dudan bakoitzean, nire komunitatearentzako zerbitzu gisa ikusten dut, ez gaur egun bizi direnei soilik eskaintzen diedana, baizik eta baita datozen belaunaldiei ere, gure bizitzak nolakoak izan diren jakin dezaten”.


M. Jiménez

Carlos Idun-Tawiah (Ghana, 1997)
Hero, Father, Friend

2025eko edizioa
Open Call irabazlea
Kanpoko erakusketa
Non: Posta bulegoa
Laguntzaileak: Correos, Picter