M'hammed Kilito
Before It’s Gone

M’hammed Kilitok Marokoko hego-ekialdeko oasien heriotza aztertzen du Before It’s Gone (Desagertu aurretik) bildumarekin. Oasiak biodibertsitate-babeslekuak eta basamortuaren aurkako hesi naturalak dira, ezinbesteko mikroklimak, planetako eskualde idorrenetan bizitzea ahalbidetzen dutenak. Ekosistema berezi horien oreka hiru elementutan oinarritzen da: ur ugaritasuna, lurzoru emankorra eta palmondo datileroen presentzia, zeinak, eguzkitako formako hostailarekin, hezetasuna mantentzen, tenperatura jaisten eta haizearen inpaktua murrizten laguntzen duten.
Ibilbide luzeko argazki-proiektu honek, Getxophotoko Open Call 2023ren finalista denak, azken oasi hauetatik geratzen dena dakarkigu: noizbait berdetasun uharte izan zenari eusten dioten palmondo talde txikiak (Marokoko Nekazaritza Ministerioaren arabera, dagoeneko desagertu dira beren lurraldeko palmondoen bi heren); despopulazioaren aurka eta baliabide hidrikoen erabilera arrazionalagoaren alde borrokatzen duten tokiko aktibistak; edo Afrika iparraldearen eta Europa hegoaldearen arteko joan-etorriko bidea errefuxiatu klimatiko gisa egin duten migratzaile gazteak.
1981ean Lviv-en jaioa hirian, Casablancan bizi eta lan egiten du, Marokon. Zientzia Politikoetan graduatu zen University of Montrealen, eta arlo berean maisutza lortu zuen Ottawa Universityn. M’hammed National Geographic-en Explorer Programaren kidea da, Magnum Foundation-en, Prince Claus Fund-en eta World Press Photo-ren 6×6 Global Talent programaren bekaduna ere izan da. Jaso dituen sarien artean hauxek daude: CAP Prize – Afrikako Argazkilaritza Garaikidearen Saria, National Geographic, François Schneider Fundazioa, edo Hopper Prize saria. Leica Oskar Barnack Sarirako aurre-hautatua izan zen, eta 2020an The British Journal of Photography-k 18 argazkilari berri onenen artean hautatu zuen. Besteak beste, Sharjah Art Foundation (Sharjah), 1:54 Art Fair (Paris), Tate Modern (Londres), Argazkigintza Museo Nazionala (Rabat), Beirut Image Festival (Beirut), Addis Foto Festival (Addis Ababa), Photo Vogue Festival (Milan), Helsinki Photo Festival (Helsinki) edo Breda Photo Festival (Breda) jaialdietan erakutsi izan du bere lana. Bere argazkiak The Washington Post, The Wall Street Journal, BJP, Vogue Italia, L‘Express, Liberation eta El País egunkarietan argitaratuak izan dira. Gaur egun, VII. Agency-ko Mentor Program ospetsuan hartzen du parte.

M'hammed Kilito (Maroko, 1981)
Before It’s Gone
2023ko edizioa
Open Call irabazlea
Barruko instalazioa
Non: Punta Begoña Galeriak
Laguntzaileak: Punta Begoña Galeriak, Picter