Leonard Suryajaya
False Idol
Leonard Suryajaya artista txinatar-indonesiarraren lanak gizarteak identitate queer migratzaileei ezartzen dizkien muga legal eta ideologikoei erantzuten die. Abiapuntu gisa bere esperientzia hartuta, bere familiarekin eta maite dituen pertsonekin elkarlanean egindako antzerki-eszena konplexuak sortzen ditu.
Suryajayaren erretratu koloretsu, ausart eta kaotikoki antolatuek, bere bizi-ibilbidea islatzen dute, sistema kultural, sinesmen erlijioso eta muga-politika ezberdinek zeharkatzen dutena. AEBetan bizileku iraunkorra lortzeko prozesu zurrun eta nekagarria, eta maitasunaren eta familiaren ikuskera hetero-patriarkala dira False Idolen abiapuntu nagusiak. Argazkiek, seriea osatzen duten bideo eta testuekin batera, gobernuari bere nortasuna erakusteko duen beharrari erantzuten diote, eta baita prozesu horretan, Indonesian jatorri txinatarra duen gutxiengo baten parte izatearen eta zapaldutako sexu-orientazioa izatearen ondorioz, sortzen diren traumak aintzatesteko beharrari ere.
Anabasaren erdian, bitxikeriaren edertasuna partekatzeko eta ospatzeko gonbidapena da, familiarekin eta maite dituen pertsoekin elkarlanean egindako prozesu hau.
Leonard Suryajaya (Indonesia) intimitatearen, komunitatearen eta familiaren mugak esploratzen ditu argazkigintzaren, bideoaren, performancearen eta instalazioaren bidez. Arte Dramatikoetan Lizentziatura eta BFA titulua lortu zituen California State University, Fullerton-en (2013), eta Arte Ederretan Masterra (MFA) School of the Art Institute of Chicago-n (2015). Bere lanak erakusgai izan dira besteak beste Art Institute of Chicago, Museum of Contemporary Art Chicago, Museum of Contemporary Photography, Fotomuseum Winterthur (Suitza), Benaki Museum (Grezia) eta Aperture Gallery (New York) bezalako erakundeetan. Bere lanak bilduma hauetan ere badaude: Art Institute of Chicago, Museum of Contemporary Photography eta The Block Museum. Jasotako sarien artean daude Artadia Award, Aaron Siskind Foundation Award eta Chicago DCASE Esteemed Artist Award.


Leonard Suryajaya (Indonesia, 1988)
False Idol
2021eko edizioa
Kanpoko instalazioa
Non: Ereagako lorategiak