Kalera!

Nork aurreikusi zezakeen mundua zenbat aldatuko zen 2019ko amaieran Getxo-photoren 14. ediziorako abiapuntu gisa Kalera! oihua proposatu nuenean? COVID-19 birusak eragindako krisi planetarioa heriotz ugari utziz agertu zen gure bizitzan, kaleak hutsik gelditu ziren, pantailak beteta eta gure bizimodua erabat aldatuta. Aldaketa horren eragina, baina, ezin dugu ikusi, ezta epe laburrean ere, lerro hauek 2020ko uztailean idazten ditudan bitartean.

Urteko jaialdi baten eta kultura sortu eta partekatzeko beste modu batzuen arteko alde nagusia premiazko gaiei heltzeko malgutasuna da. Aukera hori, proposaturiko gaiaren eta bizi dugun garaiaren arteko bat-etortze deigarri eta ustekabekoa ikusita, saihestezina zen. Konfinamenduan kalera ezin ateratzea eta etorkizunean kalera ateratzeko izan ditzakegun baldintza zalantzazkoak dira, hain zuzen ere, bizi dugun aldaketa azkarrena eta nabariena. Oraindik ez dakigu nola egingo dugun, baina ziur gaude trantsizio-garaia bizi dugula espazio publikoa eraikitzeko, bizitzeko eta partekatzeko bi moduren artean.

Online komunikazioa duela urte batzuetatik eskuragarri dagoen arren, pandemiak behartutako distantzia fisikoaren ondorioz, 2020ko lehen hilabeteetan interakzio sozial gehienak bat-batean Internetera lekualdatu ziren. Partekatu pantaila izeneko ekimen parte-hartzaileak, herritarrei bideo-deien argazkiak ateratzeko gonbita eginez, pantailen arteko harreman horretan arreta jartzea proposatzen du. Harreman hori aste gutxiren buruan funtsezkoa izan zen lan-, familia- eta lagun-bileretarako. Raisa Galofre eta Eva Gjalterrek Stay at Home plataformaren bidez —Yana Wernickek eta Jonas Feigek sortua— izan zuten argazki-elkarrizketa konfinamendu-aldiak ezarritako erronkei erantzuten saiatu ziren nazioarteko ekimenen adibide bat da. Salbuespen-aldi horretan, gizartearen gehiengoa beren etxeetan giltzapetu zen bitartean, zenbait sektore, hala nola, osasun-, garraio- edo elikadura-sektorea, funtsezkotzat jo ziren, eta haiek lanean jarraitu behar izan zuten. Adibidez, Ilyes Grieybek Aït Ouallal-en erretratatzen dituen Marokoko landa-langileak migratzaileek egiten duten lan gogorraren duintasunaren adierazle dira. Enplegu prekarioa eta ezinbestekoa mendebaldeko gizartearen ekonomiarako eta iraupenerako, konfinamenduan funtsezko jardueren esparruan sartu izanak frogatu zuen bezala.

Birusa planetan zabaldu baino lehen, kaleak funtsezko protagonismoa berreskuratua zuen gizarte globalean. Eremu publikoa, fisikoa eta online, etengabe ari zen pribatizazioari eta homogeneizazioari aurre egiten, eta bilatu, jolastu, proposatu, protesta egin eta eguneroko erronka eta kezkei erantzungo zieten ideiak eztabaidatzen saiatu zen. Sohei Nishinoren collage kaotiko eta monumentalak argazkilari japoniarrak produktibitatean eta garapen ekonomikoan oinarritutako hirigintzari zentzua ematen saiatzeko egindako ahaleginaren emaitza dira, giza eskala alde batera utzita. Ildo beretik, Michael Wolfen Tokyo Compressionek hiri handietako eguneroko bizitzaren alienazioa islatzen du, non oinarrizko zerbitzuak (garraio publikoa, esaterako) ez baitira nahikoak; Smart Cityren gisako etiketak, berriz, kapitalak erakartzeko eta herritarrak kontrolatzeko eta zaintzeko sistemetan inbertitzeko sortzen dira.

Estampa kolektiboak aurkezten dituen bi proiektuek agerian uzten dute nola begiratzen, aztertzen eta identifikatzen dituzten oinezkoak makinek. Worker 3049-k eta Smile! You are out of Camerak hirietan ezartzen ari diren ikuspegi konputazionaleko sistemen aurrealdea eta atzealdea erakusten dituzte. Sistema horien emaitzak zaintza prediktiboa bezalako teknologien garapenean aplikatzen dira, Esther Hoversen False Positivesen protagonista. Teknologiarekin ezarri diren botere-harremanak eta hura zabaltzeko ahultasuna dira Fragmentin kolektiboaren errealitate birtualaren 2199 esperientziaren oinarria. Arreta-dei hori bat dator Victoria Ascasok garatutako Thanks for Being You aplikazioarekin. Telefono mugikorrek eta Internetek intimitatearen ekoizpenean, zirkulazioan eta kontsumoan duten rola aztertzen du.

Azken bi hamarkadetako hedapen digitalak eremu publikoaren ideia nahitaez eguneratzea eragin du. Mundu fisikoaren eta digitalaren arteko ustezko dikotomia gainditu ondoren, gero eta nabariagoa da bi espazioen hibridazioa eta elkarrekiko mendekotasuna. Getxophotoren edizio honetan, hainbat lanek elikatzen dute joaneko eta itzulerako zirkuitu hori, jaialdiaren webgunean ikusgai dauden proiektuekin eta Hiru kolektiboaren Radio Farm ikusizko esperimentaziorako irrati piratarekin edo Mario Santamariaren Internet Tourekin. Horrek sarearen ustezko materiagabetasuna zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu, azpiegitura fisikoak bisitatuz. Teknologia digitalaren eta Interneten nonahikotasunak, pandemiaren garaian munduak funtzionatzen jarrai zezan funtsezkoa izan denak, protagonismo berria hartu du kaleko manifestazioetan. Hong Kongen 2019an britaniar kolonia ohiak ezarritako legedi berrien kontra egindako protesta jendetsuek –Thaddé Comarrek How was your Dreamen dokumentatzen du– polizia eta manifestariak identifikatu eta ezkutatzeko tresna eta estrategia berriak ekarri zituzten.

Gizartearen haserrea agerian uztea da Julieta Gilen Nuestra Victoria lanaren funtsezko oinarria, eta Mexikoko manifestari feministek Independentziaren Zutabea monumentuan egindako esku-hartzea dokumentatzen du, agintariek ezabatu aurretik. 3D ereduak doan deskargatzeko argitaratzeak indarkeria matxistaren gaitzespen soziala babesten eta zabaltzen du. Emakumeek espazio publikoan duten ikusgarritasuna Randa Maroufiren eta Silvia Rosiren lanetan ere agertzen da, gizonek espazio publikoa okupatzen dutela agerian utziz, lehen kasuan, eta emakumeek kaleetatik igarotzeari buruz galdutako tradizioak berrikusiz, bigarrenean. Mugimendu feministek, azken urteotan hainbesteko indarra izan dutenek, argazkigintzaren dinamika patriarkalekiko kritika ere piztu dute. Charlotte Schmitzen La Puenten islatzen da bultzada hori. Hark zalantzan jartzen du sexu-langileei buruz gizonezkoek egiten duten begirada, lankidetza-prozesuak erabiliz.

Egoera politiko globalaren polarizaziorako identitate-borroken instrumentalizazioa eredugarria izan da nazionalismo erreakzionarioentzat, Estatu Batuetan edo Polonian boterea lortzeko, Agnieszka Sejuden Hoax eta George Georgiouren Americans Parade serieek erakusten dutenez. Indarkeria eta diskriminazioa are nabarmenagoa da gaur egun, Interneten argitaratutako poliziaren abusu eta hilketen grabazio beldurgarrien bidez. Arrazakeria estruktural hori Espainian ere gertatzen dela adierazten du Felipe Romero Beltránek Reducción lanean. Azkenik, larrialdi klimatikoak ere, mundu mailako erronka guztietatik larriena denak, bere lekua aldarrikatu du eztabaida publikoan. Mentalgassi kolektiboak Getxoko eta Bilboko kaleetan jarriko du salaketa, hondakinen ekoizpenean eta kudeaketan oinarritutako Waste Wastes instalazioarekin.

Funtsezko arazo horiek guztiak bateratuta, eremu publiko fisikoa eta online esploratzera garamatza, protestarako agertoki eguneratu gisa, elkar ezagutzeko eta esperimentatzeko eta hausnartzeko gune gisa. Proposamen hori zabaltzea ezinbestekoa izan da, bizi dugun une historikoari eta etorkizun hurbilean aurreikusten diren aldaketei buruzko gaiak txertatuz. Eta ziurrenik gure iragarpenetan huts egingo badugu ere, horiek gure garaiko pentsamenduaren isla gisa geratuko dira, etorkizunean aztertzeko.

Jon Uriarte

P. Gómez

Argazkilaritza ikasi zuen Bartzelonan eta Nueva Yorkeko ICP-n. PhotoEspaña eta Madrilgo Europear Unibertsitatearen master bat gauzatu zuen Proiektu eta teoria artistikoetan. Bere lana zentro eta galeria ugaritan egon da ikusgai, bakarkako eta talde erakusketetan, Madrilen, Donostian, Nueva Yorken, Berlin edo Bartzelonan esaterako. Widephoto plataforma independientearen fundatzailea izan zen, eta hiru urtez Foto Colectaniaren DONE kontzeptualizatu eta koordinatu zuen. Egun Londresen bizi da, non The Photographers’ Galleryn komisario digital moduan lanean hasi den.