Estampa
3409 Worker

Estampa kolektiboak bi proiekturekin parte hartzen du Getxophoton: 3409 Worker, Jaialdian fisikoki instalatuta dagoena, eta Smile! You are out of Camera, Internetetik eskuragarri. Bi proposamen horiek makinek eremu publikoan nola zaintzen eta esku hartzen duten aztertzen dute, eta gizartean duten eraginari buruzko gogoeta poliedrikoa proposatzen dute.

Smart City zigiluarekin ezarritako hiriko kudeaketa eta zaintza-sistemek, kapitala erakartzeko diseinatuak, zaintza-kameren kopurua eta irudien sofistikazioa are gehiago handitu dituzte. Prozesatu beharreko etengabeko ikusmen-fluxuak giza gaitasuna gainditu du; ez dago hainbeste irudi ikusteko eta adierazteko behar adina begi. Gaur egun, makinak, irudiak hartzeaz gain, analisiaz, identifikazioaz eta etiketatzeaz ere arduratzen dira, makinek eta makinentzat sortutako irudi-zirkuitu itxia sortuz.

3409 Worker-ek ikuspegi konputazionala ezagutzera ematen du, begiek eta burmuinak mundua ikusi eta ulertzeko duten gaitasuna ordenagailuekin emulatzen duen diziplina zientifikoa. Bideoan, hiri-paisaiako elementuak identifikatzeko entrenatutako sare neuronal artifizial batek ikusten du hiri garaikidea. Makinak bere identifikazio-prozesuan erabiltzen duen logika agerikoa da ezagutzen duena kokatu, testuingurutik atera eta zerrendatzean: 30.344 pertsona, 9.354 auto, 3.049 langile… Ariketa horrek hirietako kaleetan dauden sistema automatizatuek espazio publikoan dabiltzan herritarrak begiratzeko eta asimilatzeko erabiltzen duten metodoa hurbiltzen digu.

Smile! You are out of Camera objektuak identifikatzen trebatutako ikusmen konputazionaleko sistema erabiltzen du, Getxoko kaleetan instalatutako kamera batek zuzenean hartutako bideo-seinale bat aztertzeko. Sare neuronalak etengabe prozesatzen du emisioa, baina, aurreko lanarekin alderatuta, mugitzen ari diren objektuak koadro zuri baten azpian ezkutatzen ditu. Horrela, webcam-aren aurrean dabiltzan pertsonak, ibilgailuak edo animaliak automatikoki desagertzen dira. Mundu hiperbisual honetan, ikusezintasun digitala inor gutxik gozatzen duen pribilegio bihurtu da.

Estampa kolektiboak 3409 Worker proiektuan erakusten diren kontrol eta zaintza-tresnen erabilerak aldatzea proposatzen du, herritarren zirkulazio askea ahalbidetzeko, Smile!You are out of Camera proiektuan moduan.


J. Gómez

Estampa (Bartzelona)
3409 Worker

2020ko edizioa
Barruko instalazioa eta online proiektua
Non: Amezti Aretoa