Jongsma + O'Neill
The Ark

The Ark, Elkarrizketa Berriak talde-erakusketaren parte da, ikusizko komunikaziorako plataforma multimediak baliatuz era anitzetan lan egiten duten artisten obra jasotzen duena.
Erakusketak medio digital berrien –alegiazko errealitatea, programazioa, sormen kodea– eta ohizko medioen –inprimaketak, bideoa, eskultura, performancea, soinua– konbinazioak eskaintzen dituen aukerak esploratzen ditu. Asmoa ikusizko narratibaren arloan esperimentazio bide berriak zabaltzea da, bizitza modernoaren konplexutasuna islatzeko gauza izan daitezkeenak. Aldi berean, ikuslearekiko konpromisoari eutsi nahi zaio, izan ere, teknologiaren erabilerak publikoaren ikusizko komunikaziorako aukerak erabat aldatu ditu.
Jongsma eta O´Neill teknologia berrien zale amorratuak dira, baina munduari eragiten dioten istorioak kontatzeko tresna gisa ulertuta. Horrek bultzatuta hainbat dokumental egin dituzte, besteak beste The Ark izenekoa. Bertan, eta errealitate birtuala erabiliz, ikuslea iparraldeko errinozero zuriaren azken bi habitatetara eramaten dute. Galtzeko arrisku larrian dagoen espeziea da, eta, uste denez, hiru ale besterik ez dira gelditzen. Lan honek helburu bera duten baina munduaren bi muturretan bizi diren bi talderen ingurua eta egiten duten lan inspiratzailea erakusten digu. Alde batetik, San Diegoko zooko zientzialariak ditugu; zelula amak lortu nahi dituzte izoztutako zelula epidermikoak erabiliz, in vitro ernalketa-tekniken bitartez errizonero-ale berriak ugaltzeko; eta bestetik, Ol Pejeta erreserbako basozain armatuak ditugu, Keniako Laikipia konderrian. Hogeita lau orduz zaintzen dute espeziea, asteko zazpi egunetan, ezkutuko ehizatik babesteko. Bi istorio paralelo eta premiazko kontakizun bat; teknologia berriez baliatzen dira arazo global bat ukigarri bihurtzeko.
Eline Jongsma eta Kel O’Neill Jongsma+O'Neill dira, dokumental zinematografikoa, artea eta teknologia gurutzatzen diren alorrean lan egiten duen talde sortzaile amerikar-holandarra. Eurenak dira ondorengo lanak: Emmy sarietarako hautatu zuten PBS/POV Digital´s; Empire dokumental interaktiboa, Webby Award batekin saritua (New York Film Festival 2013, IDFA DocLab 2014), eta Tim Hetherington Visionay Award saria ere irabazi zuten The Ark errealitate birtualeko dokumentalarekin (Tribeca Film Festival 2016). Komunikabideen etorkizunari buruzko hitzaldiak ematen dituzte hainbat ekitalditan, hala nola SXSW, MIT Hacking Arts Festival eta Magnum´s Photography Expanded Symposium-en. Kazetari eta komentarista gisa egiten dute lan Vice, VPRO, The Correspondent, The Creators Project eta PBS.org-en.

Jongsma + O'Neill (Herbereak, 1980 / AEB, 1979)
The Ark
2017ko edizioa
AR barru instalazioa
Non: Antzinako Info Puntua