Autoirudikapena

Badira urte batzuk gaur egungo kulturaren (zehatzago, ikusizko adierazpenen) azken helburua ez dela artea. Murrizteko ariketa bat eginez gero, azken xede hori komunikazioa dela esan genezake. Kontzeptu –edukiontzi horren baitan aurki dezakegu artea, behin– behinekotasunez bada ere. Hala ere, badira beste elementu batzuk.

Bertan aurki dezakegu, izan ere, familia nahiz tokiko artxibategietatik erreskatatutako herri-argazkilaritza, dokumentu izaeratik haratago, denbora zati bat editatzen duena, historia alegia. Halakoak ere egon daitezke museoetan, zergatik ez. Irudi horiek, informazio hutsa edukitzeaz gain, memoria semantikoa ere barne hartzen dute, hala banakakoa, nola taldekoa. Ez zen hori, ordea, hasierako asmoa. Funtsean, artearen historiaren berrikuspen faltsu bat baino ez da, argazkilaritzarena, batez ere. Burbuila endogamiko bat eraiki du eta, bertan, dena da erabilitako teknika, estilo edota gaien araberakoa. Non dago, bada, testuinguru politiko eta soziala?

Getxophoto-ren lehendabiziko edizioak, aldi berean, ikusizko materialen gaur egungo erabilera batzuk erakusten ditu: herri- argazkigintzako artxiboen gizarte-balioa abian jartzea; Peruko gizarte harremanak indarkeriaren bidez okertu diren aldi historikoei buruzko gogoeta kritikoa; betidanik ikusizko estereotipoen menpe egon diren talde marjinalek beren burua irudikatzeko aukera eta, bestalde: nola ikusten ditugun ustez “exotikoak” diren herriak edota gure bizilagunak; azkenik, pieza “ia” bakarrak diren heinean, arte garaikideko museoetan izan ohi diren argazki batzuk, bere ohiko objektu-balioa kendu, eta komunikaziorako duten gaitasuna sustatzeko euskarrietan jarri dira. Modalitate horiek guztiak artea deritzon kategoria bakar bezain murritzean sartzeko erabakia, beraz, bigarren mailako erabakia da.

Irudiak kaleratze hutsak ez du esan nahi Mediterraneoa deskubritu denik; hamarkada askotan egin izan ohi da gauza bera publizitate euskarrietan, eta teknologiak ahalbideratzen duenetik, biderkatu egin dira leku publikoetan edota publizitatera erreserbaturiko tokietan ageri diren argazkiak. Irudien presentzia hori inprimatzeko dauden teknologia berriekin lotzea guztiz sinpleneta zehaztasunik gabea da, Robert Capak Espainiako gerrate zibilean izandako presentzia Leica kamera txiki unibertsalek eskaintzen zuten moldakortasunarekin lotzea den bezalaxe. Museotik ateratzea, estatus horri dramatizazioa kentzeaz gain, espazio horiek modu kritikoan berraztertzeko modua ere bada. Izan ere, une honetan erabat elitistak diren arren, ez dugu ahaztu behar herritarrei arteaz gozatzeko leku bat izateko helburuarekin sortu zirela. Demagogiatik gertu legokeen terminoan esanda, demokratizazio prozesu batean murgilduta gaude.

Kontzeptu hori ondo asko ezagutzen dute, bai argazkilaritzak, bai bere historialariek, ofizialek, nahiz apokrifoek. Kamera amateur eta laborategi profesionalei esker, irudiak demokratizatu egin ziren. XX. Mendearen bigarren erdialdean, beraz, zeharo aldatu ziren bai ordura arteko joerak, bai gizarte erritoak.

Alejandro Castellote

A. Mentxaka

1982an argazki komisario lanetan hasi zen. 1985etik 1996ra arte, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko Argazki Arloko zuzendaria izan da, eta bertan antolatu du FOKUA Jaialdia (Madrilgo Argazkigintza Garaikidea) 5 edizioetan zehar. Horrez gain, erakusketa, tailer, mintegi eta bestelako jardueren programazioaren arduraduna da. 1987an, egile gazteentzako Minerva Argazki Aretoa sortu zuen Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan.

PhotoEspaña Nazioarteko Argazki Jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da lehen 3 edizioetan Lunwerg argitaletxeko argazki garaikidearen saileko arduraduna izan da, eta, besteak beste, Mapas Abiertos. Argazki Latinoamerikarra 1991-2002 eta Manel Esclusaren Silencios Latentes argitaratu zuen. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea da eta Espainiako eta Latinoamerikako argazki-bildumaren arduraduna. Hitzaldiak eta tailer teorikoak ematen ditu, eta argazkilaritzari buruzko kritikari eta saiogile gisa kolaboratzen du Espainiako eta atzerriko hainbat hedabidetan. Londresko C Photo Magazine aldizkarirako eduki aholkularia izan da, eta Veneziako Arkitektura Bienalerako C on Cities erakusketaren komisarioa. Gaur egun, argazkigintzako komisario independentea da, eta EFTIko Argazkigintza Masterreko irakaslea. 2006an Bartolomé Ros Saria eman zioten, Espainiako argazkigintzan egindako ibilbide profesional onenari.